gascity
14 Ira 2021

NORTEGASEK ETA ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEAK KONTAGAILU ADIMENDUNEN SAREA ZABALDUKO DUTE ALONSOTEGIN

  • Bidegas II proiektuaren bidez, Alonsotegiko kontagailuak ordezkatuko dira. Hala, kontagailu digital berriak jarriko dira, enpresa banatzaileari ezinbesteko informazioa emango diotenak. Aldi berean, kontagailuok alarmen berri emango dute berehala eta urrutitik erabiltzea ahalbidetuko dute, matxura edo ihes baten ondorioz hornidura moztu behar denean. Ondorioz, kontsumoa modu eraginkorragoan eta seguruagoan kudeatu ahalko da.
  • Gas-sarea digitalizatzeko beste pauso bat da proiektua eta jarraipena emango dio Nortegasek 2019 eta 2020 bitartean Energiaren Euskal Erakundearen babesarekin Ugao-Miraballesen arrakastaz gauzatutako Bidegas I proiektuari.
  • Irailean abiaraziko da Bidegas II, Alonsotegin 752 kontagailu, detektagailu eta kontzentragailu instalatzen direnean, urritik aurrera datuak jaso ahal izateko. Sei hilabete iraungo du proiektuak.

Nortegasek, maila nazionalean gasa banatzen duen bigarren konpainiak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia) eta Alonsotegiko Udalak gaur goizean aurkeztu dute Bidegas II proiektua. Punta-puntako elementu elektronikoak eta telekomunikazioetakoak instalatuta, sare adimendunak bultzatzea du xede, teknologia horrek egungo analogikoaren aldean eskaintzen dituen abantailen azterketa erreala egin ahal izateko.

Bidegas II proiektuaren bidez, Alonsotegiko etxebizitzetako, saltokietako eta industria txikiko kontagailuak ordezkatuko dira, erabiltzaileek ezer ordaindu beharrik gabe. Kontagailu digital berriak jarriko dira haien ordez, Nortegasek informazioa aztertzeko eta kudeatzeko daukan plataformara kontsumo- eta segurtasun-datuak erregulartasunez bidaltzeko beharrezkoa den teknologia dutenak.

Proiektu honen bitartez, gas-banaketaren arloan lehen aldiz probatuko den teknologia berri bat ezarriko da. LoRaWAN deitzen da teknologia hori eta gauzen Interneterako (IoT) pentsatutako potentzia baxuko eta irismen handiko komunikazio-sareak kudeatzen dituen haririk gabeko komunikazio-sistema da. Sistema horrek askotariko gailu elektronikoak distantzia luzera eta energia gutxi kontsumituz kudeatzeko komunikazio optimizatuen espezifikazioa eta modulazioa ditu.

Joseba Urbietak, Alonsotegiko alkateak, proiektuarekin pozik dagoela adierazi du, “proiektu hori martxan jarrita teknologia berriak erabili ahalko ditugulako eta gas-sare adimendunaz gozatuko dugulako. Era berean, gure bizilagunek beren instalazioaren kontsumoaren informazio erreala etengabe jasotzeko aukera izango dute”. Hori dela eta, “Udal gisa oso interesgarria iruditzen zaigu, enpresaren eta erabiltzaileen arteko komunikazioa erraztuko baitu”, gehitu du.

Datuak igortzeko eta jasotzeko zubi-lana egiten duten gailuek osatzen dute LoRaWAN teknologia. Estaldura eman beharreko eremu osotik banatuta daude, Alonsotegin kasu honetan. Kontrol- eta monitorizazio-sistemara konektatuta daude mutur batetik (Ethernet edo 4G telefonia bidez) eta eremuan bertan banatuta dauden gailuetara bestetik (kontagailuetara, CO, metano edo presio sentsoreetara, etab.), haririk gabeko komunikazio bidez.

Instalazio horiek ezinbesteko informazioa emango diote enpresa banatzaileari. Aldi berean, alarmen berri emango dute berehala eta urrutitik erabiltzea ahalbidetuko dute, matxura edo ihes baten ondorioz hornidura moztu behar denean. Ondorioz, kontsumoa modu eraginkorragoan eta seguruagoan kudeatu ahalko da. Bestalde, erabiltzaileak (anonimoa izango da enpresa banatzailearentzat) bere kontsumo-patroiak ikusi ahalko ditu eta hala, eguneroko bizitzan energia modu jasangarriagoan erabiltzea bultzatuko da. Gainera, enpresa banatzaileak metano eta CO detektagailuak instalatuko ditu norbanakoen etxebizitzetan eta saltokietan, gas horiek airean duten kontzentrazioari buruzko informazioa sistemara bidaltzeko.

Gas-sarea digitalizatzeko beste pauso bat da proiektu hau. Jarraipena emango dio Nortegasek eta Energiaren Euskal Erakundeak 2019 eta 2020 bitartean Ugao-Miraballesen arrakastaz gauzatutako Bidegas I proiektuari. Oraingo honetan teknologia berriak erabiliko dira, telekomunikazio-azpiegitura murrizteko. Hala, kontzentragailu gutxiago (kontagailuen eta detektagailuen seinalea hartzen duten gailuak) egongo dira eta aldi berean seinalea handituko da. Ondorioz, gailu horiek udalerriko kaleetan izan dezaketen ikusizko inpaktua eta ingurumenaren gainekoa murriztuko dira.

Horrela, “Alonsotegin beste pauso bat emango dugu etorkizunerantz, jasangarriagoa eta energetikoki efizienteagoa den udalerri baten alde eginez. Guretzat oso garrantzitsua da ildo horretan lan egitea, ingurumena arduraz zaintzen dela bermatzeko eta aldi berean gure bizilagunen segurtasuna lehenesteko, berehala izango baitute alerta guztien berri”, adierazi du Urbietak.

Erabiltzaileek aplikazio mugikorra izango dute. Bertatik, bi norabideetan komunikatu ahalko dira Nortegasekin eta haien kontsumo-datuak, jakinarazpen interesgarriak, segurtasun aholkuak edo sistemari eta bere berrikuspenari buruzko komunikazioak ikusi ahalko dituzte, baita gorabehera ororen inguruko momentuko informazioa ere.

gascity

Irailean abiaraziko da Bidegas II, Alonsotegin 752 kontagailu, detektagailu eta kontzentragailu instalatzen direnean, urritik aurrera datuak jaso ahal izateko. Sei hilabete iraungo du proiektuak.

Javier Contrerasek, Nortegaseko kontseilari delegatuak, zera gailendu du: “ilusioz gaude, Bidegas proiektuarekin jarraitzeko aukera dugulako. Ezinbestekoa da teknologia berri hauek martxan jartzea, haien erabilera udalerri guztietara zabaltzeko. Energiaren sektorearen digitalizazioa bat dator Europako Industrializazio Estrategiarekin eta  Europar Batasunak bultzatutako Itun Berdearekin. Horien bitartez, jarduera ekonomikoak digitalizatzeko gonbita egiten zaie herrialdeei, garapenerako funtsezko faktore gisa. Nortegasen helburu bera dugu eta horretan ari gara lanean, etorkizun jasangarriago baterako bidea azkartzea eta horretan laguntzea xede duten proiektu berritzaileen bitartez”. Aurrekoaz gain, zera adierazi du: “kontagailu adimendunak hainbat abantaila ditu analogikoaren aldean, kontsumo arduratsuagoa eta kontzienteagoa sustatzeko zein banaketa-sareen segurtasuna areagotzeko, Nortegasen lehentasunezko helburua izanik”.

Iñigo Ansolak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, ondorengo honen garrantzia azpimarratu du: “efizientzia energetikoaren alde egiten jarraitu beharra dago, energia modu arrazionalagoan erabiltzea ahalbidetzen diguten teknologia berritzaileak txertatuz, gutxiago eta hobeto kontsumitu behar baitugu”. Era berean, gas naturalak Euskadiren trantsizio energetikorako laguntza-iturri gisa duen egitekoa gailendu du, energia berriztagarriek hornikuntza mix-ean gero eta garrantzi handiagoa izango duten eredu efizienteago baterako bidean.