Europan gasa banatzeko sareek aurkeztutako hidrogenoaren ibilbide-orri berria: energia-burujabetasun eta klima-neutraltasun handiagoa lortzeko pauso zehatzak
Hidrogenoaren banaketaren inguruko ezagutza berria biltzen duen Ready4H2 txosten multzoaren hirugarren parteak gasa banatzeko tokiko sareek hidrogenoaren ekonomiara pasatzeko eman ditzaketen pausoak biltzen ditu. Eraldaketa hori gauzatuz gero, izugarri murriztuko dira gas fosilen eta petrolioaren inportazioak, milioi bat lanpostu inguru sortuko dira eta CO2 isurpenak 500 milioi tona baino gehiagotan murriztuko dira urtean.
Ready4H2 ibilbide-orrian Europako gas-sareetarako ekintzak eta mugarriak ageri dira, egungo abiapuntuak aintzat hartuta, hidrogenoaren ekonomiara pasatzeko aliantzen helburu komuna betetzeko. Ekonomia hori CO2 isurpenak urtean 500 milioi tona baino gehiagotan murriztean eta Europa mailan ia milioi bat lanpostu sortzean oinarritzen da.
Tartean, 290.000 lanpostu sortu nahi dira hidrogeno berdea ekoizteko sektorean, 135.000 eragiketa- eta mantentze-arloan eta 542.000 hidrogeno berdea ekoizteko beharrezkoa den elektrizitatea sortzeko. Deslokalizatzeko arriskuan dagoen ekoizpen europarra ere bultza dezake hidrogenoak, deskarbonizatzeko modu errentagarria eskaintzen duelako.
“Europan hidrogenora pasatzeko potentzial handia hauteman dugu eta ibilbide-orri honekin, badakigu nola lor dezakegun. Hala ere, erabaki politiko batzuk hartu behar dira lehenbizi. Legegintza-arloan, pauso handia litzateke tokiko gas-sareen operadoreei hidrogenoaren banaketan eta Europako etorkizuneko energia-azpiegituren plangintzan parte hartzen uztea, Europa mailan gas naturalaren eta hidrogenoaren banaketa-sistemen operadoreen erakunde burujabe bat sortuz. Erakunde horren bidez, hobeto eta modu harmoniatsuagoan koordinatuko lirateke plangintzaren inguruko gaiak, gai teknikoak eta bestelakoak, Europa osoko garraio-sareen kudeatzaileekin elkarlanean. Erakunde biak 10 urterako garapen plan nazionaletan elkarlanean aritzeko aukera eman behar da, elektrizitatearen kasuan egiten den bezalaxe”, adierazi du Peter Kristensenek, hots, Ready4H2-ren presidenteak.
Gainera, Ready4H2-k lehenengo txostenean erakutsi zuen bezala, bere kideek bezeroei banatzen dieten gas natural guztia hidrogeno edo gas berde bihurtuz gero, CO2 isurpenak 300 milioi tona baino gehiagotan murriztuko lirateke urtean, 2020. urtean Frantzian izandako isurpenak baino gehiago, alegia. Hidrogenoa beste sektore batzuetara hedatzeak, garraioaren sektorera esaterako, Europa osoan urtean 540 milioi tona baino gehiagotan murriztu ditzake CO2 isurpenak, 2050. urterako.
Horrez gain, Europako Batzordearen jakinarazpenean jaso den legez, martxoaren 8an argitaratu zena, biometanoa eta hidrogenoa ezinbestekoak izango dira etorkizunean Europaren energia-burujabetasuna bermatzeko. Ready4H2 helburu horren alde egiteko prest egoteaz gain, legeria europarrak banaketa-sareek tokiko mailan hidrogenoa biltzeko eta entregatzeko izan dezaketen zeregin garrantzitsua islatu behar duela uste dugu, ziurtasun osoz.
Kristensenen esanetan, gas-azpiegiturak “energia eolikoaren eta eguzki-energia aldakorraren kuotaren hazkunde azkarrari erantzun diezaioke. Horrez gain, eskaeraren sasoikotasun handira molda daiteke eta hidrogeno-hornidura fidagarria eskain dezake, baita negurik hotzenetan ere. Hala, erregai fosilen inportazioekiko mendekotasuna murrizten lagunduko die europarrei. Hidrogeno kopuru handiak lurpean gordetzea xede duten eta gas-sareei lotuta dauden instalazioak dira hidrogenoa azkar, denbora luzez eta kopuru handietan gordetzeko aukera bakarra, ekoizpenaren eta eskariaren aldakortasun handi honi aurre egiteko”.
Ready4H2-ren webgunean kontsulta daiteke txosten hau: www.ready4h2.com