Nortegasek eskurako ordainketak onetsi ditu bere 629 hornitzaileentzat, COVID-19aren eragin ekonomikoari aurre egiten laguntzeko
- Konpainia banatzaileak jakinarazi duenez, ordainketa-epeak aurreratuko ditu bere hornitzaileentzat, koronabirusaren krisiagatik aplikatutako neurrien ondorioak arintzeko.
- Horrela, Nortegasek presentzia duen eremu geografikoetako ekonomia- eta enpresa-sarearen alde hartutako konpromiso irmoa erakutsi du eta eragin ekonomikoa murrizteko neurriak jarri ditu martxan.
- Momentu zail hauetan, konpainia esfortzu handia egiten ari da hiru jarduketa-eremutan: hornidura eta zerbitzua bermatzea, bere langileen, kolaboratzaileen eta bezeroen segurtasuna bermatzea eta osasun krisiaren eragin ekonomiko eta soziala murriztea.
Nortegasek, nazio mailako bigarren gas natural banatzaileak, ezohiko erabakia hartu du: bere hornitzaileentzat ezarritako ordainketa-epeak aurreratuko ditu alarma-egoerak iraun bitartean. Horrela, konpainiak behar baino lehenago ordainduko dizkie fakturak 629 hornitzaileri, ordainketa egiteko itundutako muga-egunera arte itxaron beharrik gabe.
Nortegasen ohiko hornitzaileei mesede egiteko abiarazi da ekimen hau, ezohiko egoera honetan aplikatutako konfinamendu-neurriek eta jarduera murrizteko neurriek ekonomia- eta enpresa-sarean daukaten eragina murrizteko xedez.
Javier Contrerasek, Nortegaseko kontseilari delegatuak, ondorengoa adierazi du: “Nortegasen, gure jardueren burutzapenaren parte den gizartearekiko konpromiso sendoa hartu dugu eta krisi honen eragin ekonomikoa arintzen laguntzeko lan egingo dugu. Urte osoan zehar, egunero-egunero lan egiten dugu enpresa, ETE eta autonomoekin eta horiei guztiei laguntzeko neurri bat da gure hornitzaileei ordainketa-epeak aurreratzea”.
Bermerik handiena horniduran eta segurtasunean
Nortegasek horniduraren jarraitutasuna bermatzen jarraitzen du, eraginkortasunez eta modu seguruan. Konpainia banatzailearen larrialdietarako taldeak instalazio guztien eguneroko monitorizazioa egiten eta abisu orori etengabe jaramon egiten jarraitzen du, balizko gorabehera mota desberdinen aurrean erantzuteko diseinatutako protokoloak aktibatzeko, beharrezkoa denean. Abisua jasotzen den momentutik, esku hartzeko taldeak gorabeheraren tokira 30 minututik beherako epean heltzeko eta ahalik eta azkarren konpontzeko prestatuta daude.
Nortegasen lanaren parte dira hornidura-puntuetan eta bide publikoetan egin beharreko jarduerak, balizko arriskuei aurrea hartzeko eta zerbitzua baldintza egokietan bermatzeko. Zentzu horretan, konpainiak langileen eskura jarri ditu segurtasunez jarduteko beharrezkoak diren baliabide guztiak, langile horiek beren lanaren parte bat kanpoaldean egin behar baldin badute, horrela kutsatzeko arriskua ekidinez.
Larrialdietarako zerbitzuaz gain, zeinaren jardunak ez baitu egoera berriagatik aldaketarik izan, langile guztiak ari dira urrutitik lan egiten, normaltasun osoz. Horrela, haien segurtasuna bermatzen da eta era berean, gas naturalaren hornidura bermatzen zaie bezero guztiei.
Funtsezko hiru eremu COVID-19aren aurkako ekintza planean
Gobernuak iragarritako Errege Dekretua indarrean sartu aurretik, Nortegasek koronabirusaren aurkako ekintza plana aktibatu zuen, gas naturala bezalako oinarrizko zerbitzu baten jarraitutasuna eta behar bezalako hornidura bermatzeko xedez. Aldi berean, Koordinazio Batzorde bat sortu da, egunero-egunero egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egiten dituena. Batzorde hori konpainia osatzen duten talde desberdinekin harremanetan dago etengabe. Batzorde horren esfortzuak hiru jarduketa-eremutan zentratzen ari dira:
- 1- Nortegasek azpiegituren behar bezalako funtzionamendua bermatzeko eta horrela, gas naturala bezero guztiei banatzen zaiela bermatzeko hartutako konpromisoa. Bezero horietako asko larrialdi-egoera hau kudeatzen ari dira lehen lerroan, horien adibide izanik osasun zentroak, adinekoen zentroak eta administrazioak, besteak beste.
- 2- Konpainiaren kudeaketa-lana langileentzako, kontratistentzako eta bezeroentzako segurtasun, osasun eta prebentzio maila altuenak bermatzean zentratzen da. Lan hori egiteko, Nortegas jarduteko protokoloak aplikatzen ari da tokian tokiko eragiketa guztietarako eta bezeroen etxebizitzetan edo instalazioetan langileen edo kontratisten presentzia eskatzen duten lanak ezeztatzen edo atzeratzen ari da, esate baterako, aldian behingo ikuskapenen edo kontagailuen irakurketen kasuan. Horrez gain, eta alarma-egoera indarrean sartu denetik aplika daiteken araudian ezarritakoa betez, bertan behera utzi dira ez ordaintzeagatik hornidura eteteko eragiketak.
- 3- Ahal den neurrian, osasun krisi honek ekonomian nahitaez izango duen eragina murrizten lagunduko du Nortegasek, bere lana burutzen duen autonomia erkidegoetan. Helburu horrekin, konpainiak bere hornitzaileei, kontratistei eta instalatzaileei laguntzeko neurriak diseinatzen jarraitzen du, ordainketa-epeak aurreratzeko neurria esaterako, jarduerak bertan behera uzteak duen eragina murrizteko, alarma-egoera amaitzen denean eragiketen erritmoa azkar berreskuratzen dela bermatzeko eta ahal den neurrian konpainiak eragina duen eremuetan ekonomia- eta ekoizpen-sarearen osotasuna mantentzeko.
Javier Contrerasek, Nortegaseko kontseilari delegatuak, ondorengoa nabarmendu du: “Gure egitekoa da zerbitzu ona eskaintzen jarraitzea, eraginkortasun eta berme handienarekin, orain arte egin izan dugun bezalaxe, milaka familiaren erosotasuna eta ospitaleen, osasun zentroen, adinekoen zentroen eta industrien behar bezalako funtzionamendua bermatzeko. Ahal dugun guztia egiten ari gara Nortegasen langileak eta haien familiak babesteko, ekintza planean bildutako neurriak eta agintaritza eskudunek aditzera emandako jarraibideak zehatz-mehatz betez”.