GRESB-EK JASANGARRITASUN-ARLOKO KALIFIKAZIORIK ALTUENA EMAN DIO NORTEGASI
- Nortegasek puntuaziorik altuena (bost izar) lortu du GRESBek ESG irizpideen betearazpenaren inguruan egindako analisian.
- Ebaluazio hori nazioartekoa da eta 400 enpresak parte hartu dute.
- Nortegasek laugarren postua lortu du Europa mailan zein mundu mailan, gasa banatzen duten konpainien sektorean.
Nortegasek, maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainiak, puntuaziorik altuena lortu du GRESBek 2020an Azpiegituren Jasangarritasunaren inguruan eta zehazki ESG irizpideen arloan egindako urteko balorazioan. Hain zuzen ere, bost izar lortu ditu Nortegasek.
GRESB erakunde independente bat da, ESG irizpideetan eta jasangarritasun irizpideetan oinarritutako datuak erabiltzen dituena, puntuazio sistema batekin. Hala, erreferentziazko txostenak eta analisi-tresnak prestatzen ditu sektoreko aktibo errealen jasangarritasuna ebaluatzeko. Urtero, GRESBek kapital-merkatuek baliozkotutako datu estandarizatuak eskaintzen dituen analisia egiten du. Hori dela eta, mundu mailako erreferentea da konpainiek jasangarritasunaren arloan izandako jarduna neurtzeko orduan.
2020ko edizioan, 406 konpainia baino gehiago aztertu ondoren, GRESBek Nortegasi eman dio bost izarreko gehieneko kalifikazioa, azpiegituren kategoriaren nazioarteko sailkapenean. Konpainia banatzaileak laugarren postua lortu du Europa mailan zein mundu mailan, gasa banatzen duten konpainien artetik. Guztira, GRESBek 100etik 82 puntu eman dizkio Nortegasi eta hala, sektoreko gainerako konpainien batez besteko puntuazioa gainditu du Nortegasek, 75 puntu baitituzte, eta zertxobait hobetu du aurreko urtean lortutako kalifikazioa.
Aitorpen horrek Nortegasen jardunbide egokien garapena gailentzen du, ingurumena, gizartea eta gobernu ona oinarri hartuta lan egiten baitu konpainiak. Era berean, konpainiak ingurumena babestearen alde hartutako konpromisoa azpimarratzen du, ekonomiaren zein ingurumenaren arloan aukera eraginkorrak eskaintzeko ikerketa- eta garapen-proiektuen bitartez, ezinbestekoa baita ekonomia deskarbonizatzeko erronkari aurre egiteko.
Javier Contrerasek, Nortegaseko kontseilari delegatuak, ondorengoa adierazi du: “GRESBek egindako aitorpenaz harro gaude, 2020ko Azpiegituren Jasangarritasun indizean lider gisa kokatu gaituelako. Gure plan estrategikoaren ardatzetako bat da ESG irizpideetan oinarritutako hazkunde jasangarria. Horrela, Nortegasek presentzia duen erkidegoen alde hartutako konpromisoa indartzen dugu, balio erantsia sortuz eta jasangarriak izateaz gain ekonomikoki eskuragarriak diren energia-aukerak eskainiz, hala nola gas natural berriztagarria edo hidrogenoa”.