9 Mar 2022

BIOLVEGASEK SARERA ZUZENEAN TXERTATZEKO DISEINATUTAKO LEHENENGO BIOGAS PLANTA JARRIKO DU MARTXAN

  • Planta eraikitzen ari dira jada, Ólvegan (Soria) eta urte honetako azken hiruhilekoan hasiko da funtzionatzen.
  • Proiektuari esker, urtean 38 GWh biometano txertatuko dira gas naturalaren sarean, hau da, 8.100 etxebizitzek urtean kontsumitzen duten gasa. Era berean, urtean 30.000 tona CO2 murriztea lortuko da.
  • Espainian egiten den seigarren biometano planta izango da eta bigarrena biometanoa hondakinen balorizazioaren bitartez ekoizteko bolumenari erreparatuz gero.
  • Proiektuak zuzeneko 8 lanpostu eta zeharkako 20 sortzen lagunduko du bere eraginpeko eremuan.

Grupo Nortegasek, Nortegas Green Energy Solutions filialaren bidez eta Biovec, Bioenergética de Navarra, Biolvegas sortu duten gainerako kideak eta Oleofat enpresa barne hartuta, biogasaren lehenengo planta nazionala jarriko du martxan. Hondakinen balorizazioaren bidez ekoiztuko da biogasa, biometanoa zuzenean sarean txertatzeko. Izan ere, orain arte Espainiak biogas planta birmoldatuak baino ez zituen.

Une honetan planta eraikitzen ari dira Ólvegan (Soria) eta urte honetako azken hiruhilekoan hasiko da funtzionatzen. Proiektuak urtean 30.000 tona txerri-minda eta nekazaritzako elikagaien 35.000 tona hondakin, hondakin industrial eta hondakin-olio balorizatzeko ahalmena izango du.

Planta horretan, upgrading prozesu bat egingo da, hondakin horiek sortutako biogasa arazteko. Hala, biometanoa lortuko da, gas naturalaren pareko dena eta % 100 berriztagarria dena. Prozesu horren bitartez, urtean 38 GWh biometano bitartean txertatuko dira gas naturalaren sarean, hau da, 8.100 etxebizitza baino gehiagok urtean kontsumitzen duten gas naturala baino gehiago. Horrez gain, biometanoa gas-sarean txertatuta jatorri fosileko gas naturalaren kontsumoa murriztu ahalko denez, plantak urtean 30.000 tona CO2 isurpen murrizten lagunduko du. Hala, hondakin horiek kudeatzeko aukera on bat eskainiko da, ekonomia zirkularraren alde eginez.

Espainian eraikitako seigarren biometano planta izango da eta bigarrena hondakinen balorizazioaren bidez ekoizten den biometano bolumenari erreparatuz gero. Proiektua bultzatzen duen partzuergoak kide fundatzaileek biodigestio planten diseinuan, eraikuntzan eta operazioan duten esperientzia, Oleofatek hondakin oleikoen kudeaketarako eta tratamendurako duen ahalmena eta Nortegasek gas-azpiegituren eraikuntzan eta operazioan duen esperientzia zein Espainian biometanoa garatzeko hartutako konpromiso estrategikoa konbinatzen ditu.

Gas berriztagarrien eta ekonomia zirkularraren inguruko interes komuna identifikatu izanaren emaitza izan da proiektu hau, 6.000 euro inguruko inbertsioa izango duen proiektua, alegia. Proiektuak zuzenean 8 lanpostu eta zeharka 20 lanpostu sortzen lagunduko du, bere eraginpeko eremuan.

Proiektu honek agerian uzten du Nortegasek berrikuntzaren eta trantsizio energetikoaren alde hartutako konpromisoa, banaketa-sareak bestelako energia-iturri jasangarrien zerbitzura jarri baititu, isurpenak murrizten eta deskarbonizazioa lortzen laguntzeko.

Javier Contrerasek, Nortegaseko kontseilari delegatuak, honako hau azpimarratu du: “proiektu hau aurrerapauso handia da Nortegasen plan estrategikoa garatu eta gauzatzeko, trantsizio energetiko jasangarrian murgilduta gauden honetan. Biometanoa lortzeko prozesua ekonomia zirkularraren adibide argia da; izan ere, hondakin batzuk aprobetxatzen dira, bestela karbono-aztarna handia sortuko luketenak, kontsumitzaileei energia-iturri garbi bat eskaintzeko. Hori guztia, gas-azpiegiturak modu efizientean erabiliz. Gainera, proiektu honetan parte hartuta, gure inguruko ekonomia eta gizartea garatzen lagunduko dugu. Horrek eragin zuzena du jasangarritasun helburuetan, hori izanik Nortegasen ardatzetako bat”.

Rafael Lavínek, Oleofateko CEO denak, honako hau adierazi du: “Hau bezalako proiektu bat martxan jartzeak erakusten du ingurumena errespetatzen duten bestelako energiak sortzen laguntzen duten negozioak sortzea egingarria eta indargarria dela. Hondakinen balioa handitzean esperientzia duen enpresa da Oleofat eta etorkizuneko biogas planta honetan parte hartuta, karbono-aztarna murrizten lagundu nahi dugu eta hau bezalako proiektuak lehiakortasunarekin, berrikuntzarekin, hazkunde ekonomikoarekin eta enpleguarekin bateragarriak direla erakutsi nahi dugu.”