15 Otsa 2022

Europako gas-sarea hidrogenoa banatzeko egokituz gero, 41.000 milioi euro aurrez litezke energia-azpiegituretan

  • Gasa banatzeko sare europarrak egokiak dira hidrogenoa txertatzeko eta deskarbonizaziorako aukera malgu eta merkea eskaintzen dute, aldi berean etorkizuneko energia-sistemaren erronkei aurre egiten lagunduz.
  • Txostenaren arabera, egungo gas-azpiegitura egokitzeko inbertsio gehigarria eginez gero, milioika euro aurreztuko lirateke urtean, ez litzatekeelako energia-azpiegitura berririk egin beharko.

Guztira, Europako 17 herrialdetako 90 konpainia banatzailek parte hartu dute Ready4H2-ren txosten batean eta haren arabera, gasa banatzeko sareek garrantzia handia izango dute etorkizunean Europan hidrogenoa garatzeko. Hala, Europar Batasunaren Fit-for-55 multzoko helburu klimatiko handiak lortzen lagunduko dute.

Txostenaren arabera, etorkizuneko deskarbonizaziorako hidrogeno eta metano berde asko beharko da eta elektrizitatea eta gasa konbinatzen dituen azpiegitura batean inbertituz gero, 2031tik 2050era bitartean, urtean 41.000 euro txikiagoak izan beharko dira energia-azpiegituretan egin beharreko inbertsioak, neurri handi batean elektrifikazioa behar duen egoerarekin alderatuz gero.

“Europan deskarbonizazioa lortzeko bidean (net zero deritzona), hura lortzeko modu errentagarrienaren bila gabiltza. Gasa banatzeko sareak hidrogenoa banatzeko egokitzen baditugu, helburu hori lortzetik hurbilago egongo garela uste dugu” adierazi du Peter Kristensenek, Ready4H2-ko presidenteak.Gas-azpiegituran hidrogenoa txertatuz gero, gero eta energia berriztagarri gehiago ekoiztu ahalko dugu, aldizka.

Etorkizunean, Europako sistema elektrikoarentzat arazoa izango da klima-patroi ezegonkorrekiko kalteberatasuna; izan ere, energia berriztagarriaren bolumen handiak konektatzen dira sarera, hala nola eguzki-energia eta energia eolikoa.

Eguzkirik edo haizerik gabeko sasoietan energia etengabe hornitu ahal izateko, energia gordetzeko ahalmena eta azkar eta maila handian ekitekoa izan beharko da etengabe. Lur azpian energia gordetzeko instalazio handiak beharrezkoak direnez, hidrogenoaren ekoizpenari lotutakoak hain zuzen ere, gas-azpiegitura ezinbestekoa izango da energia hori gordetzeko eta energia-hornidura seguru eta fidagarria bermatzeko.

“Datozen hamarkadetan, Europako energia-sistemak kudeatu ezin diren energia-iturriekiko gero eta menpekotasun handiagoa izango du. Hala, energia eolikoa eta eguzki-energia izateko ahalmena 1.000 GW-era igotzea aurreikusten da. Klima-baldintzak aldatuz doaz eta ondorioz, baliteke energia eoliko eta eguzki-energia gutxiago ekoiztuz joatea. Hori hainbat aldiz gertatzen da urtean, hainbat egunez jarraian, eta tarte hori luzeegia da bateriek berme gisa eskain dezaketenaren aldean” adierazi du Peter Kristensenek. Horrez gain, zera azaldu du: “tarte horietan etengabeko energia-hornidura bermatzeko, maila handiko biltegiratze-ahalmena behar da, gas-azpiegituren tokiko operadoreek eskaintzeko modukoa”.

Ready4H2-ren webgunean kontsulta daiteke txosten hau: www.ready4h2.com

 

Ready4H2-i buruz

Europako 17 herrialdetako 90 konpainia banatzailek osatzen dute “Ready4H2”, Espainian gasa banatzen duten bost konpainiek tartean (Nedgia, Nortegas, Madrileña Red de Gas, Redexis eta Gas Extremadura). Hona hemen ekimenaren helburua: maila nazionalean zein Europa mailan hidrogenoa garatzeko esparru arautzailea sortzea, Europako gas-azpiegituraren potentziala aprobetxatzeko eta hala, herritarrei mesede egiteko eta Europar Batasunaren klima-neutraltasun helburua betetzen laguntzeko, norberaren proiektuekin zein herrialde bakoitzeko hidrogenoaren balio-kateko tokiko eragileekin lankidetzan irabazitako ezagutza eta esperientzia partekatuz.

Nedgiari buruz

Espainian, Naturgy taldearen filial hau nagusi da gas-banaketan. 11 autonomia-erkidegotan eta 1.150 udalerritan lan egiten du. 5,4 milioi hornidura-puntu baino gehiago ditu, hau da, kontsumitzaileen % 70. Bere aktibo nagusia 54.000 kilometrotik gorako sare multzoa da. Izan ere, gaur egun, sare horiei esker modu seguru eta efizientean hornitzen dira gas naturala eta gas berriztagarria (biometanoa), eta etorkizunean hidrogenoa ere bai.