Nortegas
25 Jun 2021

NORTEGASEK 174 MILIOI EUROKO EBITDA EMAITZAREKIN ITXI DU 2020. URTEA, PLAN ESTRATEGIKO BERRIAREN GARAPENAK MARKATUTAKO URTEAN

  • Nortegasek 174 milioi euroko EBITDArekin itxi du urtea, aurreko urtean lortutako emaitzaren ildo beretik (178 milioi euro), eta 216 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu (223 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2019. urtean).
  • Eskaera industrialak behera egin du Covid-19aren ondorioz eta tenperatura igoerek oso eragin txikia izan dute finantza-mailan; eragiketa-mailan, bestalde, Nortegasek ez du inongo eraginik nabaritu.
  • Nortegasek bere banaketa-lanaren osagarri diren negozioak garatzen dihardu, azpiegituraren garrantzia azpimarra badezakete eta konpainiak trantsizio energetikoaren bidean funtsezko eragile gisa duen egitekoa indar badezakete.

Nortegasek, maila nazionalean gasa banatzen duen bigarren konpainiak, negozio-eremu berriak martxan dituela eta konpainia Estatu mailako trantsizio energetikoaren baitako aktibo gisa kokatzea xede duten proiektu eta inbertsio asko eginda itxi du 2020a, hots, pandemiak markatutako urtea.

Nortegasek 174 milioi euroko EBITDArekin itxi du urtea, aurreko urtean lortutako emaitzaren ildo beretik (178 milioi euro), eta 216 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu (223 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen 2019. urtean). Irabazi garbia, ezohiko irabaziak kanpo utzita, 55 milioi eurokoa izan da (2019ko 57 milioi euroen aldean).

Zifra horiek aurreko urtean lortutakoak baino zertxobait baxuagoak dira, Covid-19aren ondorioz eskaera industrialak behera egin zuelako eta konpainiak 2020ko uztailean bonoak berrerosi zituelako, horrek dakartzan gastuak kontuan hartuta. Horrez gain, tenperaturen igoerak ere izan du eragina. Egoera horrek finantza-mailan eragin txikia izan du; eragiketa-mailan, bestalde, ez du inongo eraginik izan.

2020.urtea, pandemiak markatutakoa, oso zaila izan den arren, konpainiak inbertsio handiak egin ditu. Hazkundearen alde egin du konpainiak: alde batetik, banaketa-negozioa handitzearen alde egin du, gas naturala barne hartzen duten aukeren eskaerari erantzunez; bestetik, trantsizio energetikoaren eta sektoreak bizi duen paradigma-aldaketaren ildotik doazen proiektuak landu ditu.

Inbertsio horren emaitza gisa, konexio-puntuen sarea % 1 hazi da urtetik urtera, 1.044.000 puntu izatera iristeraino. Hazkunde hori etxebizitzen segmentutik dator funtsean eta konpainiak merkataritza-arloan zein inbertsioen aldetik egindako esfortzuaren emaitza da, banaketa-sare berriak zabaltzeko eta jada badituenak asetzeko xedez egindako esfortzuaren emaitza, alegia.

Hazkundea eta negozio-eremu berriak

Nortegas bere Plan Estrategikoa garatzen ari da eta horren baitan, bere ohiko jardunaren osagarri diren negozioak garatzen dihardu, jada badaukan azpiegituraren garrantzia azpimarra badezakete eta konpainia trantsizio energetikoaren bidean funtsezko eragile bihur badezakete, deskarbonizazioa lortzeko helburuen ildo beretik.

Hala, hainbat proiektu bultzatzen ari da Nortegas, gizartearen etorkizun energetikoa aldatzeko. Gas berriztagarriak (biometanoa eta hidrogeno berdea, esaterako) ekoiztea eta banaketa-sarean txertatzea, mugikortasuna eta sektorearen eraldaketa teknologikoa xede duten proiektuak sustatzen ditu bereziki.

Hidrogeno berdea bestelako energia-aukera gisa bultzatzeko proiektu handietan parte hartzen du Grupo Nortegasek, H2SAREA proiektuan adibidez. Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) ekimenaren baitako proiektua da eta aukera, ekipamendu eta osagai teknologiko berriak ikertu eta garatzean datza, gas naturalaren sareak hidrogenoa proportzio desberdinetan banatzeko eraldatzeko. SINATRAH da beste proiektu bat, hidrogenoa banatzeko sistema aurreratuak garatu eta ustiatzeko eta horiek modu efizientean erabiltzeko aukerak aztertzea xede duena.

Amorebietan (Bizkaia) ohiko ekoizpenerako zentral baten eta gasa banatzeko sarearen azpiegiturak aprobetxatuz, Estatu mailan hidrogeno berdearen lehenengo planta martxan jarriko duen partzuergoaren kide da Nortegas. Horrez gain, hitzarmena dauka Duro Felguera, Alsa eta Hunosarekin, Asturiasen erregai horren erabilera sustatzeko. Era berean, Kantabria hidrogenoa garatzeko plataformaren parte da.

Mugikortasun jasangarriaren esparruan, Nortegasek hitzarmen bat sinatu du Repsolekin, ibilgailuetarako gas naturala hornitzeko puntuen sare bat garatzeko. 2020ko azaroan inauguratu zuen lehenengo gasindegia, Sestaon (Bizkaia) eta momentu honetan 6 zerbitzugune daude izapidetze- eta eraikitze-bidean, hainbat autonomia erkidegotan.

Bestalde, Europako Batzordeak eta Espainiako Gobernuak bultzatutako digitalizazio-estrategiaren ildo beretik, Nortegasek gas-sektorearen digitalizazioa bultzatzen du, kontagailu adimendunen bidez. Bidegas proiektuaren bitartez eta EEErekin batera (Energiaren Euskal Erakundea), 1.000 kontagailu adimendun jarri ditu Ugao-Miraballesen (Bizkaia), proiektu pilotu modura. Hala, instalazioen segurtasuna eta energia-efizientzia hobetu ditu.

Jasangarritasunaren aldeko konpromiso irmoarekin bat, Grupo Nortegasek proiektu berriak finantzatzeko mailegu jasangarri bat sinatu berri du, bere filiala den Green Energy Solutions-en bitartez. Loan Market Association delakoaren jasangarritasun printzipioak errespetatuz egituratu da mailegua (LMA Sustainability Linked Loan Principles).

Javier Contrerasek, konpainiaren kontseilari delegatuak, honako hau azpimarratu du: “Covid-19ak izandako eragina gorabehera, 2020a lan handiko urtea izan da Nortegasentzat, abian den eraldaketa-prozesuagatik batez ere. Prozesu horren bidez, eragile integratua izan nahi dugu trantsizio energetikoaren bidean, jada badaukagun azpiegituraren garrantzia azpimarratuz, ezinbestekoa baita deskarbonizazioa ekonomikoki eta sozialki bideragarria den errealitate bihurtzeko. Horretarako, berrikuntzaren, ikerketaren eta beste eragile batzuekin (publikoak zein pribatuak) lankidetzan aritzearen aldeko apustua egiten ari gara, hazteko eta energia berri hauek sustatzeko”.

Gizartearen aldeko konpromisoa

Nortegasek presentzia duen erkidegoekiko konpromiso sendoa du eta Euskadiko, Kantabriako eta Asturiasko sare sozioekonomikoa babesteko ekintzen bidez islatzen du, baita tokiko komunitateen beharrizanak hautemanez ere. Ildo horretatik, konpainiak gizarte-ekintzak gauzatzen ditu sarri. Esate baterako, akordioak lortu ditu hainbat udalekin, udal etxebizitzetan gas naturalarekin funtzionatzen duen berokuntza instalatzeko edo gas propanoaren kanalizazioa udalerri desberdinetara eramateko.

Era berean, osasun-larrialdian zehar, Nortegasek hainbat ekimen gauzatu zituen, pandemiaren ondorio ekonomiko eta soziala mugatzeko. Hala, ospitaleetan eta kanpainako hoteletan hornidura berehala altan emateko erraztasunak eskaini zituen, bere hornitzaileei ordainketak eskudirutan egiteko aukera eman zien, krisialdian zehar konpainia instalatzaileei likidotasuna errazteko plan bat aplikatu zuen eta PGLren fakturen ordainketa malgutu zuen erakunde kalteberentzat.

Nortegas Euskadiko, Kantabriako eta Asturiasko elikagaien bankuekin elkarlanean aritzen da etengabe. Hala, 2020an zehar 61.500 kilo elikagai eman zizkien. Aurten, konpainia banatzaileak elikagaien bankuekin lankidetzan jarraitu du eta beste erakunde batzuekin parte hartu du, hala nola laguntza soziosanitarioa emateko DYA elkartearekin. Kasu horretan, desfibriladoreak eta babes biologikorako materiala eman dizkie elkarteko boluntarioei.