Nortegasek nazioarteko sari bat jaso du gas berriztagarrien berrikuntzaren arloan
Bilbo, 2018ko uztailaren 13a.- International Gas Union (IGU) entitateak berrikuntzaren alorreko sari bat eman dio Nortegas Energía Distribución konpainiari Washington-en, gas naturaleko banaketa-sarean jatorri berriztagarriko gasa edo biometanoa injektatzeko planteatutako soluzioagatik.
Ángel Mª Gutiérrezek, saritutako proiektuaren Nortegasko arduradunak, orain dela gutxi egin den 27. Gasaren Munduko Konferentziaren esparruan jaso zuren saria, non proiektuaren ezaugarriak azaldu baitzituen mundu osoko gas-industriaren ordezkari nagusien aurrean.
Azaldu zuenaren arabera, “sari horrek Nortegasi baieztatzen dio Smart Green Gas proiektuaren esparruan egindako ekarpen teknologikoa Estatu mailan garrantzitsua izateaz gain, nazioarte mailan ere aintzatetsia dela”. Alde horretatik, zera erantsi zuen: “I+G+b arloan ahaleginak egiten jarraitu behar dugu, gas berriztagarrien lerro estrategikoan; izan ere, sor daitezkeen proiektuetako askori esker, itxura batean baliorik ez duen hondakin bat energia-baliabide bihur daiteke”.
Nortegasek garatutako proiektuari esker, biometanoa gas naturaleko banaketa-sareetan injektatu daiteke dosifikatuz, eta ondorioz, exijitzen diren kalitateen gaineko araudia betetzen da modu ekonomikoan, inteligentean eta automatikoan. “Biometanoa gas naturaleko sareetan injektatzearen gaineko Espainiako araudiak murriztaileak dira, eta horren ondorioz, kasurik gehienetan, ekonomikoki eta teknikoki bideraezina izaten da, biogasa eskatzen den kalitate-mailara eguneratzeko inbertsio teknologikoak kostu altua baitu. Proiektu horretan, ikuspegi berri bat proposatzen dugu eragozpen horri aurre egiteko”, adierazi du Ángel Mª Gutiérrez-ek.
Proiektu hori garatzeko, Nortegas-ek Tecnaliaren lankidetza izan du, zeinak aplikazio informatikoa egituratzeko eta programatzeko ardura izan baitu, biogasaren garbiketa-eragiketak simulatze eta ondoren injekzio adimentsuko sistema baten bidez egokitze aldera, sarean sartu aurretik.
Bestetik, Juan Ramón Arraibik, Nortegasko Eragiketen zuzendariak, zera nabarmendu zuen: “Europar Batasunak orain dela gutxi helburu bat ezarri du, zeinaren arabera 2030. urterako, energia berriztagarriek % 27tik % 32ra arte parte hartu behar baitute mix energetikoan. Horrek sari horrek duen garrantzia bermatu baino ez du egiten, ildo horretan aurrera egiteko soluzio teknologikoa ematen baitu”.
Gainera, Arraibik nabarmendu zuen gas naturalak zeregin garrantzitsua duela ikatzaren eta berriztagarrien arteko trantsizio-energia moduan. Azaldu zuenaren arabera, gas naturala industrian eta garraioan gero eta gehiago erabiltzen da, argi ikusten den moduan, eta alde horretatik, gas berriztagarriekin bateragarriak izan daitezkeen proiektu-mota horiek bultzatzen jarraitzea funtsezkoa da.
Proiektu horren ondorioz, Nortegasek orain dela gutxi lankidetza-akordio bat sinatu du Lapatxeko zabortegiarekin, eta garbikuntza-prototipo bat eraikitzen ari da bertan sortzen den biogasa energetikoki balorizatzeko.