Nortegasek talentu gaztearen aldeko apustua mantenduko du Nortegas ikasgelaren bitartez
- Nortegasek eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak duela 10 urtetik daukate lankidetza-hitzarmen hau, gasaren sektorean ikerketarako, garapenerako eta berrikuntzarako proiektuak bultzatzeko xedez.
- Biometanoaren erabileren gaineko azterketaren, gasa banatzeko sareetan H2 txertatzeko aukeraren analisiaren eta gas naturalaz hornitzeko estazioetan (gasdegietan) eraginkortasuna areagotzearen inguruko proiektuak izan dira.
- Nortegas Ikasgelaren bidez, konpainia banatzaileko hainbat profesionalek ikasleak lagundu eta aholkatu dituzte ikasturtean zehar, aukeratutako proiektuaren planteamenduan eta garapenean.
Nortegasek, maila nazionalean gas naturala banatzen duen bigarren konpainiak, 2019/2020 ikasturtean Ingeniaritza Industrialeko Masterra edo Ingeniaritza Energetiko Iraunkorreko Masterra burutu duten ikasleen master amaierako lanen aurkezpena hartu zuen irailaren 15ean. Nortegas Ikasgelaren baitan egin zen ekitaldia. Haren bidez, konpainia Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin lankidetzan aritzen da etengabe, talentu gaztea sustatzeko.
Iazko urriaren 8an proiektuak aukeratu ondoren, masterreko ikasleek Nortegaseko taldearen laguntza eta aholkularitza jaso dituzte ikasturte osoan zehar. Hala, Nortegaseko taldeak tutoretza-lana egin du lanen garapenean zehar. Horrela, gasaren sektorean know-how handia duten profesionalen esperientziatik ikasi ahal izan dute gazteek.
Jardunaldia aurrez aurre eta birtualki egin zen eta bertan, gazteek beren proiektuak aurkeztu zituzten Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasleen aurrean eta Nortegasen negozio-eremuetako arduradun nagusien aurrean, azken horiek proiektu bakoitzaren gaian inplikatuta zeudenean. Aurkeztutako lehen lana izan zen biometanoa likidotzeko planta baten bideragarritasunaren analisia. Jarraian, biometanoaren upgrading prozesuan CO2 aprobetxatzeko aukeren azterlana aurkeztu zen (prozesu horren bidez biogasaren CO2 ateratzen da, energetikoki aprobetxa daitekeen biometano bihurtzeko). Ostean, EHUren Leioako Campusean gas naturala banatzeko sarean H2 %10era txertatzeko proiektu pilotu bat aurkeztu zen, eta azkenik, gas naturalez hornitzeko estazioen (gasdegien) proiekzioan eraginkortasun handiagoa lortzea xede duen diseinu-tresna bat sortzeko proiektua aurkeztu zen.
Nortegas Ikasgela ekimenaren bitartez, konpainia banatzaileak 10 urte daramatza Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleei lanean ari diren sektoreko profesionalen eskutik proiektu berritzaile bat garatzeko aukera eskaintzearen alde egiten. Hamarkada honetan zehar 53 proiektu aurkeztu dira eta horietako asko aitortu dituzte nazioartean.
Unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza-eredu honek nazioarteko aipamena jaso du eta haren bidez, Nortegasek talentu gaztearen eta sektore energetikoko gasaren etorkizunaren alde egindako apustua berretsi du. Paula Gatak, Nortegas Ikasgelaren arduradunak, ondorengoa adierazi zuen: “Urtero izaten dugu ikasleak proiektu berritzaileetan gidatzeko eta aholkatzeko aukera. Proiektu horietan, guk gure esperientzia profesionala eskaintzen dugu eta ikasleek ikuspegi berritzaile eta interesgarriak eskaintzen dizkigute. Ikasturte honen zati batean, ikasleek ezohiko baldintzetan lan egin behar izan dute eta aurkeztutako lanen kalitate bikainean nabaritu da haiek egindako esfortzua”. Jokin Gorozikak, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren izenean Nortegas Ikasgela zuzentzen duenak, zera azpimarratu zuen: “Nortegasekin duela 10 urtetik daukagun lankidetzak energiaren sektorera hurbiltzen ditu ikasleak, haien zalantzak argi ditzaketen eta sektorearen inguruan benetako ikuspegi praktikoa eskain diezaieketen profesionalen eskutik”. Ondorengoa ere adierazi zuen: “hamar urteotako ikuspegiarekin, proiektuen helburuetan bilakaera egon dela ikus daiteke, eta proiektuok benetan martxan jartzeko aukerekin garatzen ari dira”.